XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Vascos universales

Gotzon GARATE / Idazlea

Sarritxo irakurtzen dugu izen-sintagma hori...

Halakoak eta holakoak vascos universales izan zirela edo orain direla.

Eskuarki espainolek eta espainoltzaleek erabiltzen dute.

Zer esan nahi duen, hortxe dago koxka.

Ia beti, vasco universalak erdaraz idatzi izan du.

Eta euskaraz idatzi badu ere, euskaldunok elebidun izan behar garela erantsiz, eta erdarari begirune handia ekarri behar diogula ohartaraziz.

Kontuz, gero, erdaldunak zapaldu gabe!

Vasco universala, guztien gainetik, espainol zintzo agertu da beti.

Ezinezkoa da, beraz, vasco universal izan eta Euskal Herriaren askatasuna nahi izatea.

Espainola, Espainia inoren mende ez dela egon behar esanda ere, español universal izan liteke.

Ezinezkoa da, ostera, Euskal Herria inoren mende ez dela egon behar esan eta vasco universal izatea.

Vasco universalak kasu askotan munduko zuzenbideaz eta justiziaz arduratzen dira.

Ertameriketara edo Afrikara edo Asiara joanda, itxuraz, hango indioen edo beltzen eskubideez axolatzen dira.

EEBBetan beltzak zapalduta ikusteak ere min handia ematen omen die.

Horiexek, ordea, sekula ez dira arduratu Euskal Herriko indioez.

Ikusten dute euskaldunak giza eskubideen kontra eta Europako lege guztien kontra giltzapean beren herritik oso urrun daudela.

Ikusten dute giltzapekoak zapalduak, oineztatuak daudela.

Ikusten dute horien etxekoak nolako atsekabe, arrisku, umiliazioak jasan behar dituzten, giltzapean dauden ahaideak ikusteko.

Horretaz ordea, ez dira arduratzen.

Zigorra ondo merezia omen dute.

Sekula ez dute horientzat hitz goxo bat.

Jaungoikoa dute maiz aho-mihitan.

Ameriketako, Asiako eta Afrikako herri guztiei Jaungoikoak beren buruen jabe izateko eskubidea eman omen die.

Euskal Herriari ez, ordea.

Egia esan, usu horien eskubideen aldeko lana, dirua sakeleratu eta beren buruei ohore ekartzeko aitzakia, besterik ez da.

Bapo bizi dira espainolek eta Euskal Herriko espainolzaleek jotzen dizkieten txaloekin eta eskuratzen dizkieten txanponekin.

Ezagutu ditugu batzuk munduko emakumeen eskubideen alde oihuka aritu direnak.

Gero horiek, ordea, etxean ama, arrebak, emaztea eta alabak makilapean zituzten, bizimodua garrazten eta nahigabea nahigabearen gainean ematen zieten.

Horrelakoak dira vasco universal asko beren eginkizunetan.

Kanpoko eskubideen aldekoak.

Etxeko eskubideen zapaltzaileak, Kanpoan uso, etxean otso.

Pertsonekin ez ezik, nazioekin ere berdintsu gertatzen da.

Hor dugu Frantzia, adibidez.

Askatasunaren aldeko nazioa omen da.

Bai, kanpoko herrien askatasunaz ari denean.

Iñoren larrutik uhal handiak.

Iparraldeko euskaldunekin ez, ordea.

Europan ez dago egungo egunean Frantzia baino estatu zentralizatuagoarik.

Maiz bere zilborrari begira dagoen nazioa.

Horregatik, Iparraldeko gure senideoi maiz entzuten diet: Liberté, egalité, fraternité, zakurraren ipurtzulora joan zitez.

Bada vasco universal izateko bide arteza.

Sekula hutsik egiten ez duena.

Hiru urrats egin behar dituzu, vasco universal izateko.

Aurrena intelektual izena irabazi.

Idazle, pintore edo unibertsitateko irakasle bazara, bidea egina duzu.

Atzerrian ikasia bazara, hobe.

Bigarren urratsa, abizenen bat euskalduna izan behar duzu.

Azkenik eta erabakigarriena: Euskal Herriaren huts, akats, bortizkeria, istilu, ustelkeria eta gaitz guztiak nazionalismoak, abertzaletasunak, nazionalistek eta abertzaleek sortzen dituztela esan.

Hori esatean, ahal baduzu, krokodilo malko batzuk isuri, hitzok esateak min emango balizu bezala.

Hiru baldintza horiek betetzen badituzu, zeure denboran izugarrizko arrakasta izango duzu.

Espainolen eta espainolzale guztien gogarakoa izango zara.

Etengabe atabala joko dizute.

Heroe bat zarena esango dute aspertu gabe.

Telebisioak deituko zaitu, Espainiako egunkari guztiek eta Euskal Herriko batzuek zure izena goratu ez ezik, noiznahi zure artikuluak argitaratuko dituzte (ongi ordainduz), elkarrizketak egingo dizkizute eta zure izena abertzaletasunaren ustela madarikatzeko erabiliko dute.

Hara eta hona hitzaldi egiteko gonbidapenak izango dituzu, zeure sakela diruz ongi berotzeko.

Irratiak zeure alde behin eta berriz mintzatuko dira.

Luzetxo joan zaigu arrakasta nola izango duzun esaten.

Orain 200 urte, laburki, zehazki eta borobil-borobil adierazi zuen gauza bera gure Oihenarte euskaltzaleak atsotitz batez: -Uhalde, nola haiz horla aberastu kolpe batez? -Traidore izatez.